2018(e)ko martxoaren 22(a), osteguna

Gurasoak Ikastolan

Azkenengo asteetan 4 guraso izan ditugu Ikastolan bakoitza bere ekarpenak eginez.

Lehenik, Maider izan genuen gurekin asmakizun batzuk kontatzen. Hasieran hitzezko asmakizunak izan baziren ere, ondoren begiak tapatuta, ukimenaren eta daztamenaren bidez asmatu behar izan zuten gure artistek zein objekturi buruz ari ginen. Zein ongi pasa genuen!





Ondoren, Amaia etorri zitzaigun "Txomin ikastolara doa" ipuina kontatuz. Ipuina kontatzeaz gain, Txominen bezalako txapeltxo bat egiten ere erakutsi zigun eta denok txapeltxo batekin joan ginen etxera poz-pozik!





Gero, Nerea etorri zen "Kakamerke pirataren beldurrak" ipuina kontatzera. Ipuinak, denok bezala beldur batzuk zituen pertsonai bati buruz hitz egiten zuen. Baina ikasi genuena zera izan zen: beldurra ematen diguten hainbat gauzek, ez dutela benetan existitzen, gure pentsamenduetan bakarrik daudela. Eta beraz, ez dugula gauza horiengatik zertan beldurrik pasa behar!



Eta azkenik, Olatz etorri zaigu Musikarekin loturiko hainbat azalpen eman eta instrumentu batzuk erakustera. Lehenik, Elgoibarko musika bandaren bideotxo bat ikusi dugu eta banda osatzen duten instrumentu ezberdinak zein diren azaldu digu. Ondoren, Rokeren laguntzaz, tronboia eta klarinetea nola jotzen diren erakutsi digu eta beste hainbat instrumentu jotzeko eta probatzeko aukera ere izan dugu. Bukatzeko, musika instrumentu ezberdinen irudiak margotu ditugu. Zenbat ikasi dugun eta zein ongi pasatu dugun!







ESKERRIK ASKO GUZTIOI ZUEN PARTE HARTZEAGATIK!!!

2018(e)ko martxoaren 20(a), asteartea

Martxoak 22, Uraren Eguna!

Oraingo honetan, Martxoaren 22an Uraren Eguna dela aprobetxatuz eta Agenda21ekin bat eginez, uraren garrantzia landu dugu. Hori dela eta, aste honetako proiektuak honen inguruan izan dira.

Bi mural prestatu ditugu: Ur garbiarena eta ur zikinarena. Mural bakoitzean elementu ezberdinak itsatsi ditugu, buruari buelta batzuk eman ostean.

Ikusi azken emaitza!!!



 






2018(e)ko martxoaren 15(a), osteguna

Lanbide batzuk ikusten

Lanbideen gaiarekin jarraituz, hainbat lanbide mota ezberdin ikusi eta horretaz jardun ondoren, guztioen artean 4 gustokoenak aukeratu ditugu. Gure kasuan dendaria, medikua, irakaslea eta bulegaria izan dira. 

Lehenik, lanbide hauen marrazkiak atera ditugu eta ondoren, bakoitzaren azpian lanbide bakoitza zein den idatzi dugu.



Hau egin ondoren, interesgarria iruditu zaigu lanbide hauetakoren bat bertatik bertara ikustea. Dendariak ikusita genituenez eta ikastolan bulegariak ditugula aprobetxatuz, hauen lana nolakoa den ikustera joan gara. Zein polita den bulegarien lana ere!





"Lanbideak eta erosketak" gaiarekin loturiko proiektu eta ekintza batzuk

"Lanbideak eta erosketak" gaiak, hainbat proiektu eta ekintza ezberdin egiteko aukera eman digu. 

Lehenik eta behin, lanbideen inguruan zer dakiten galdetu diegu haurrei: zein lanbide ezagutzen dituzten, lanbide bakoitzean zer egiten den, beraiei gehien zein gustatzen zaien... Erosketekin ere berdina egin dugu: inoiz erosketarik egin al duten galdetu diegu, nola eta non erosten diren gauzak, zer behar den horretarako...

Eta behin beraien ezagutzak jakin ditugunean, gai hauen inguruan zer gehiago ikastea edo egitea nahi duten galdetu diegu. Beraien nahirik handiena, dendarietara jolasteko denda bat montatzea dela ikusi dugu, eta beraz, martxan jarri gara. 

Bertan janari ezberdinak salduko ditugunez, janarien marrazki ezberdinak eman dizkiegu beraiek margotu eta mozteko.



Hau egindakoan, sortu ditugun janari guztiak hartu eta kaxa ezberdinetan sartu ditugu. Janari bakoitzak bere prezioa izango du eta hau kontuan izan beharko dugu janaria erosterako edo saltzerako orduan. Eta nola ez, dirua ere sortu dugu, salerosketa hau realagoa izateko.





Behin gelako dendan nahikoa trebatu ondoren, salerosketa prozesu hau nola izaten den argiago ikusteko, herriko dendetara irteeratxo bat egitea pentsatu dugu. Baina erosketetara joan aurretik, zer erosi behar dugun pentsatu behar!!! Hori dela eta, erosketen zerrenda bat egitea erabaki dugu, behin kalera irtendakoan ezer ere ez ahazteko.




Eta azkenik, erosketa zerrenda hartuta herriko denda mota ezberdinetara joan gara: botikan tiritak erosi ditugu, okindegian ogia, fruta denda sagarrak...